XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kanpoko eragileak

Ondorioak

Egindako esperientziaren ondoren zein ondorio aterako zenuke?

Idatz ezazu zure koadernoan, adierazi zure taldekideei, eztabaidatu eta iritzi-bateratze lanak egin.

5. jarduera

Kanpoko eragileak

Iazko Gizarte Zientziak arloko Hau munduaren ederra izeneko unitatean aztertutakoak ez badituzu ahaztu, gogoan izango duzu gure planetako kanpoaldean, azalean, uraren zikloarekin erlazionaturik dauden zenbait fenomeno nabari gertatzen direla.

Bestalde, goiko esperientziaren bidez gogoratu ahal izango zenuen ura hiru egoeratan ager daitekeela naturan: lurrin bezala laino, hodei eta antzekoetan, likido egoeran euri, erreka, ibai eta beste zenbait kasutan eta solido bezala elur, izotz, kazkabar eta antzekoetan.

Baina, nolako erlazioa du erliebearen aldaketak uraren ziklo horrekin?

Erliebearen aldaketetan parte har dezaketen alda-indar edo eragile geologikoak bi eratakoak izan daitezke:

1) Kanpoko eragileak.

Lurrazala lantzen dutenak dira eta lehen aipatutako uraren zikloarekin zuzenean erlazionaturik daude: lurgaineko eta lurrazpiko urak, itsasoa, izotza...

2) Barneko eragileak.

Lurraren barnealdetik sortutako indarrei zor zaizkienak dira, eta beste atal batean landuko ditugu.

Sumendiak, lurrikarak eta beste zenbait indar mendi-eraikitzaile aztertuko ditugu barneko eragile hauetan.

Kanpoko eragileekin hasi behar dugu orain.

Indar eragile horien artean mota desberdinetakoak ikus ditzakezu.

Batzuek mugimendurik gabe sortzen dute bere eragina.

Kanpoko eragile meteorologikoak dira.

Horrela gertatzen da, esate baterako, atmosferako hezetasunarekin, edo eguzkiak lurrazala lehortzen duen kasuetan.

Beste eragile batzuek, ordea, mugimendua dute bereizgarri nagusia.

Kanpoko eragile geologikoak dira.

Horrela, ur basatiek, lurpeko urek, itsasoak, glaziarrek, haizeak etab.ek mugitzen diren neurrian erakusten dute bere eragina.